MENDI FILM 1013

METRO BILBAOK MENDIKO IRUDI IKUSGARRIAK ERAKUTSIKO DITU HAINBAT GELTOKITAN, MENDI FILM FESTIVAL ZINEMALDIAREN ATARIKO

Jimmy Chin da, hain zuzen, aurtengo edizioaren karteleko irudiaren egilea. Hori dela eta, MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiaren zuzendaritzak egokiera baliatu du nazioarteko mendiko argazkilari entzutetsu honen lana erakusteko. Eta Metro Bilbaoko geltokietara eraman du lagin ikusgarri hau, egunero milaka lagun harat-honat biltzen dituen lurrazpiko galeria bizira.
Modu horretara, MENDI FILM FESTIVALek zinemaldiaren edukiak zein diren iragarri nahi die herritar guztiei; hein batean, Chinen lanean jasotzen diren osagai berak, hain zuzen: arriskuko kirolak, natura, abentura eta emozioa.  Gainera, argazkilari estatubatuarra bera da aurtengo edizioko gonbidatuetako bat, eta Bilbon izango da zinemaldiko egunetan.
Erakusketa gaur goizean inauguratu da, MENDI FILM FESTIVAL zinemaldiaren bi babesle nagusien ordezkariak bertan zirela. Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua izan da ekitaldian, eta Bilbao Ekintzaren aldetik Nora Sarasola zuzendari nagusia. Haiekin batera Jimmy Chinen argazki erakusketaren inaugurazioan izan dira Metro Bilbaoko gerentea, Eneko Arruebarrena, eta Zinemaldiaren zuzendaria, Jabier Baraiazarra.
Erakusketa 24 argazkiz osaturik dago. Formatu handiko irudiok Santutxu, Indautxu, Deustu eta Portugaleteko geltokietan izango dira ikusgai azaroan, eta Alde Zaharreko, Abandoko eta Moiuako geltokietan, abenduan. Hala, garraiobide publikoan eginiko eguneroko bidaiak aukera emango die erabiltzaileei paisaia harrigarrietara eta leku urrunetara bidaiatzeko, bai eta gailur ezagunenetako batzuen ikuspegi bereziez gozatzeko ez. Irudien artean dira Kanadako Bugaboos mendilerroko argazkiak, Txadeko formazio ikusgarrietakoak, Yosemiteko hormak, Half Domeko eskaladako irudiak, Himalayakoak… Eta naturako argazkiez gain, protagonisten erretratuak ere badira, eskalatzaileak eta mendizaleak jarduera bete-betean, edo atseden uneetan.
Jimmy Chin (Mankato, Minnesota 1973) eskalatzaile, mendizale eta eskiatzaile aparta izateaz gain, zinema zuzendaria eta argazkilaria ere bada. The North Face taldeko kide izan da hainbat urtez, eta eskalada, eski zeharkaldi eta esplorazioko bidaia eta espedizio askoren gidari ere bai mundu osoan barna: Txinan, Pakistanen, Nepalen, Tanzanian, Txaden, Malin, Hego Afrikan, Borneon, Indian, Argentinan… Hainbat lorpenen artean, eskiatzen jaitsi da Everesteko tontorretik, Karakorum eta Himalayako zenbait horma handi edo big wall eskalatu ditu lehen aldiz, Chang Tangeko goi-lautada zeharkatu du Tibeten, edo Everesteko ipar aurpegia eskalatzen saiatu da era alpetarrean. Bestalde, argazkilari aparta dela esan beharrik ez dago; horren adierazle dira, National Geographic, Outside, Men’s Journal eta entzute handiko beste hainbat agerkaritan argitaratutako bere irudiak.

Aurtengo argazkiek

Descripción
Urtaila BARGONDIA
Descripción
Zezeila VALDEZCARAY
Descripción
Zezeila ENEABE "centenario"